XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Goiz hartan, oso goiz, Knox etorri zitzaigun esnatzera.

Borregeroen proiektua landu behar genuen.

Xuc jaiki zen aurrena, eta orain Knox eta biak sukaldean ari ziren, atzera eta aurrera, guztientzat kafesneak egin eta ogia txigortzen.

Silvi aitzurrarekin ari zen muturreko lau ileak ebakitzen eta Laura, berriz, loxintze-lanetan.

Aurpegia ere garbitu gabe behera jaitsi nintzen, hil berpiztu bezala.

Xuc eta Knox hizketan ari ziren.

Sukaldeko ate aldera hurbildu nintzen.

Zarata egiterik ez nuen saihestu, baina ez nuen zaratarik egin.

Hanka hutsik nenbilen eta, haien artean istilu handiegia zuten ni entzuteko.

Ateraldiren batekin sartzekotan egon nintzen, haien begirada ekartzearren, baina hizketaldiaren tonoak mugatu ninduen.

Ate ondoaren kontra apoiatu nintzen, erabat sartu zein alde egin gabe, haien atzetik.

Xuc mintzo zen, gogaiturik:

- Horixe esan beharko niekeela, baina nik ez zekiat nola esan.

- Ikusten duk, gauzak gero eta korapilatsuago zeudek.

- Ez kexatu gero, hi fidatzen ez haizelako jendea haserretzen baldin bada.

- Eta ezeren berri jakin nahi ez badute?

- Hire lagunak dituk.

- Bai, lagunak bai, baina gauza bat da lagun izatea eta bestea...

- Bihar ez bada, etzi jakingo ditek.

- Agian ez...

- Ez pentsa gero lehengo eguneko emanaldia egingo duanik.

- Ez diat utziko.